Lehen Jarduera: Jolas Lehiakorrak Lankidetza Jolas Bihurtuz

Definizioa 

Ikastetxeetan eta elkarteetan lantzeko taldeko jarduera da. Bertan, esperientzian oinarritutako metodologia baten bidez, lankidetza-jolasen eta jolas lehiakorren arteko aldeen inguruan gogoeta egingo du, eta lankidetza-jolasek talde-kohesiorako eskaintzen dituzten onuren berri emango du.

Oharra: Jarduera hasi baino lehen, garrantzitsua da jolas lehiakorrak eta lankidetza-jolasak definitzen dituzten ezaugarri desberdinak irakurtzea.

Helburuak 

- Praktika abiapuntu izanda, jolas lehiakorren eta lankidetza-jolasen arteko aldeak ezagutzea.

- Lankidetza jolasek, jolas lehiakorrekin alderatuta, eskaintzen dituzten balioei eta gauza onei buruzko gogoeta egitea.

- Taldeko kohesioa bultzatzea.

- Esperientzia afektiboak, sozialak eta kognitiboak garatzea lankidetzan eta taldean oinarrituta.

 

Materiala 

- Zatar-papera

- Musika eta musika-irakurgailua.

- Klarionak

- Kartoi meheak

- Guraizeak

- Baloia

Jardueraren garapena  

JOLAS LEHIAKORRAK LANKIDETZA JOLAS BIHURTUZ 

Ekintza bi zatitan banatuko da. Izaera lehiakorreko taldeak jolastea erabaki ohi duen jolasa aukeratuko dute.

Adibidez: brilea, aulki musikalak, zapia...

Ondoren, bi talde eratuz jokatuko dute jolasean, horietako bat irabazlea izan arte.

Amaitu ostean, izandako sentipenei buruzko gogoeta egingo da:

Talde irabazlea nola sentitu da? 

Talde galtzailea nola sentitu zarete? 

Kanporatuak? Jendea kanporatu duzuenok? 

Porrota zuen erruz gertatu al da? Zuen taldekideen erruz? 

Gogoeta egin ostean, ideia-jasa egingo dute eta jolas lehiakorra lankidetza-jolas bihurtzeko ideiak emango dituzte. (Ideia-jasa ariketa honetan oinarritzen da: pertsona bakoitzak arazo bati konponbidea emateko burura datorkion guztia esango du, kasu honetan, jolas lehiakorra lankidetza-jolas bihurtzea. Irtenbide guztiak dira baliozkoak, irtenbideak errealak edo irrealak izan, gauza daitezkeenak edo gauzatu ezin direnak).

Bururatutako ideia guztiak kartoi mehe batean idatziko dira, parte-hartzaileen bistara.

Azkenik, guztien artean adostuko dira lankidetzara eraldatutako jolasaren azken arauak eta talde osoak jolastuko du.

Amaitu ostean, izandako sentipenei buruzko gogoeta egingo da:

Nola sentitu zarete jolasean lankidetza-bertsioan jolastuz?

Alderik nabaritu al duzue?

Asko entretenitu al zarete?

Hobekuntzarik nabaritu duzue? Zein?

Zer iruditu zaizue esperientzia oro har?

 

Kontuan izan beharreko zenbait ohar:

Ez dira kaleratuak edo galtzaileak egongo; izan ere, horrek porrot-sentimenduak, taldekideekiko jarrera erasokorrak edo kritikan eta tranpan oinarritutakoak azaleratzen ditu. Taldean jolastea da helburua, eta ez batzuk besteen kontra.

Hobetzea bilatzen dugu, baina ez besteen porrotaren kontura, baizik eta taldean elkarlanean arituta, guztien artean emaitza hobeak lortzen saiatuz. Horretarako, garrantzitsua da konfiantzan, kohesioan eta taldeko kide sentitzean oinarritutako giroa lortzea.

Guztiek, beren ezaugarriekin eta bitxitasunekin jolas dezaketen jolasak erabili behar dira. Jolasek ezingo dute diskriminatzaileak izan, taldeko gainerako ezaugarrien osagarriak baizik.

Testuinguru egokia sortuz gero, haurrak jolas tradizionalak eraldatzeko, eta era berean, beste batzuk sortzeko gai dira.

 

Jarraian, jolas lehiakor bat lankidetza-jolas bihurtzeko lagungarria izan daitekeen eta dagoeneko erabili diren zenbait estrategia deskribatzen ditugu:

- Puntu bat emango zaio jokalari guztiei pilota pasatzen dien taldeari.

- Jokalariek taldea aldatuko dute puntu bat markatzen den bakoitzean.

- Talde batek irabaz dezan, beharrezkoa izango da lau jokalarik behintzat «tanto» bat markatzea.

- Ez da jokalaririk kaleratuko, taldez aldatu baino ez dira egingo.